Albisteak

 

Datorren irailaren 11n, 80 urte beteko dira, Felipe Urtiaga Eguren eta Jose Agirre Lopez berrizko herritarrak, golpisten aginduz fusilatuak izan zirela Derioko kanposantuan.

Gutun honen bidez, Berrizko Udalak eta Berriz 1936 Gogoratzen Kultur Elkarteak; Felipe, Jose, urte bereko abuztuan fusilatu zuten Gregorio Urkijo, geroago Asturiasen fusilatu zuten Fermin Aranguren eta oro har frankismoko biktimei gorazarre ekitaldietan parte hartzeko gonbidapena egiten dizute.

Felipe Urtiaga enparantzan emango diogu hasiera ospakizunari, irailaren 11n, astelehena, arratsaldeko 6etan. Lehenik Kereilarako testigantzak entregatzeko ekitaldia egingo da, ondoren omenaldi hunkigarria dantzari, musika eta lore eskaintzarekin. Ondoren, Kultur Etxean jarraituko dugu ekitaldia.

Aurten, munduko errefuxiatuak izango ditugu gogoan, -izan zirenak eta gaur egun direnak-, eta horretarako “Gu ere errefuxiatuak izan ginen” erakusketaren inaugurazioa eta aurkezpena egingo dugu Kultur Etxean. Erakusketak bi zati izango ditu: alde batetik, Berrizera Euskal Herriko beste probintzietatik etorri ziren errefuxiatuak, nola hartu ziren azaltzen duena, eta bestetik, zortzi errefuxiatu berriztarren testigantzak kontatzen duena. Ondoren, Txintxaun kolektiboak, testigantzetan oinarritutako historia bi antzeztuko ditu, eta amaitzeko 60 minutu iraupena duen “Ama, nora goaz?” dokumentala ikusiko dugu.

Azkenik, aperitibo bat izango dugu, giro atseginean elkar agurtzeko.

Gutun honen bitartez jaso duzun gonbidapena, zure familiara luzatuko bazenu, eskertuko genizuke adiskide. Gogoratu zure hurbilen daudenak; neba-arrebak, seme-alabak, lobak eta ilobak… familiako idatzi bat bidali baitugu.

Ekitaldietan ikusiko garelakoan, adeitasunez,

Berrizko Udala eta Berriz 1936 gogoratzen Kultur Elkatea.

Kartela (PDF 455KB)