Historia

 

Paisaiaren antolakuntza honen irudirik zoragarriena udalerriko ermiten zerrenda da. XVIII. mendearen amaieran hamabost aipatzen dira: Andikoako Andra Mari, Okangoko San Miguel, Olakuetako San Antonio, Mendibilgo Sallobente, Murgoitioko San Juan Bautista, Isunzako San Pedro, Urdaiagako Igokundea, Gorlizko San Kristobal, Zengotitako San Juan Bautista, Gerediagako San Martin, Berrizko San Pedro, Amezuako San Jorge, Lasuengo San Martin eta Eituako San Fausto.

Euretariko batek ere ez du 1500. urtea baino lehenagoko eraikuntza elementurik, baina kontuan hartu behar da era honetako eraikinak, kristauen aurreko kultu lekuetan egiten zirela. Izan ere, Murgoitio eta Berrizkoan astro-sinbolodun lorratzak dokumentatzen dira, eta Andikoan ezaugarri berdinekin agertu zena XI. mendekoa da. Denbora joan ahala, sakabanatutako nukleo horiek batuagoak egiten dira. XII. mendean parrokia eraikitzen da, eta inguruko gune txikiak nukleo neuralgiko honen pean geratuko dira; beraz, XV. mendean sei kofradia edo auzo baino ez daude elizatean: Sarria Andikoa, Mendibil, Okango, Eitua eta Murgoitio. Instituzio batuketa guneko klanik boteretsuenaren ardurapean egiten da, Berrizkoena. XI. mendearen erdian Berrizko Aznar Sanchez hipotetiko bat dokumentatzen da Nafarroako monarkiaren agindupean merindadea gobernatzen duten Durangoko kondeen zerbitzupean. Gipuzkoako ibar eta Arabako lautadak bezala, XII. mendearen amaieran Gaztelako koroaren menpean geratuko da, eta Berrizko leinua orbita berri honetan sartzen da Harokoen (Bizkaiko jauntxoak) bitartez. Normala den bezala, elizateak 1000. urtetik aurrerako ekonomia eta demografiaren bultzada handian hartzen du parte, eta ez da XIII. mendera arte gelditzen. Baina XIV. mendean, nekazal errentek kolpera egiten dute atzera, eta leinu feudalen oinarri ekonomikoak ahultzen dira.