Historia

 

Segituan hedatzen da nobleen bandoen arteko harrapaketa eta borroka. Bizkaian, Mujikatarrak dira Oñaz bandoko buru, eta Abendañotarrak (hegoaldean) Ganboa bandokoak. Durangaldeko merindadeko leinurik gehienak, (Berriz, Unda, Etxaburu, Urkiaga, Muntxaraz, Marzana...) Abendañotarren bandokoak dira. Zaldibartarrak bakarrik (Berriztarren etsai amorratuak) sartzen dira Mujikatarren bandoan. Apurka-apurka, klan hauek monarkiak herriko elizetako diezmoak kobratzeko ahalmena ematea lortzen dute, ordura arte Erregerenak zirenak, eta eskubide hau izango da euren diru-sarrera onbideratuena. 1353an, Berrizko Rodrigo Ganboako bandoko nagusien artean dago. Hogeita hamar urte beranduago, bere seme Berrizko Juan Ruizek elizateko diezmoen usufruktua lortzen du. Kate genealogikoko hurrengo begiak, Berrizko Rodrigo Ibañezek, tenploaren gaineko patronatoa baiezten du 1416an. Eta honen seme Berrizko Ochoa eta Pedro Ruizek Abendañotarren aliatu nagusi izaten jarraitzen dute 1442an. XV. mendean, monarkia, euren artean borrokan dabiltzan ahaide nagusi hauen gainean jartzen ahalegintzen da. Batzuetan kanpoko etsaiaren aurka (musulmanak) bideratzen ditu energiak, eta kanpaina deigarriak egiten ditu Granadako erreinuaren aurka. Hor sartzen da Berrizko Ochoa Lopez leinuko zehar-adar bateko kidea, 1410ean Antequera hartzean nabarmentzen dena. Zentzu horretan, ohikoa da XV. mendean Berriz leinuko ondorengoak aurkitzea Cordoba, Jaen Ecija, Granadako Alhama eta beste leku batzuetan udal karguak betetzen. Trastámarak zerbitzu militarrengatik egindako mesedeak dira. Baina monarkiak erabilitako estrategia nagusia herri xumearekin batzea izan zen, jauntxo feudalei aurre egiteko. Nekazariak aspertuta zeuden lursail amankomunak eman eta gehiegizko zergak ordaindu beharraz, eta gustura lagundu zuten dorre bando-kideak botatzen. Ahaide nagusiek berriro planteatu behar izan zituzten gizarte kontroleko egiturak eta oinarri ekonomikoak hiri merkataritza eta estatu modernoan kargu publikoak betetzera bideratu behar izan zituzten. Eta nekazariak, batez ere ondo bizi zirenak, indartuta atera ziren Behe Erdi Aroko krisitik, etorkizunean kaparetasun unibertsala bermatuta baitzeukaten, hau da, klanetako buruen aurrean berdintasun juridikoa, eta Elizan, administrazioan, ejertzitoan edo Mundu Berrian karrera egin nahi zutenei ate asko irekiko zizkion nobleen estatusa.