Historia

 

Elizatean dokumentatzen ziren hiru dorre bandokideak, Berrizkoa, Larizkoa eta Arriakoa, errenazimenduko jauregi bilakatzen dira XVI. mendean. Horrela heldu dira gaur egunera arte azken biak. Berrizkoa klabe eklektikoan berreraiki zuten XX. mendearen hasieran. Olakuetako Berrizbeitia jauregia ere aipatzeko modukoa da, 1572an antzinako leinu feudaleko ondorengo batek eraikia. Paraleloki, nekazaritzako sektore ahaltsuenari dagozkion baserriak agertzen dira: Isunza, Onandia Zalduene, Ormaetxea... XVI. mendea ekonomia aldetik ona da. Horren froga bat da auzokideek tenplu erromaniko zaharra berritu eta errenazimenduko beste bat eraikitzen dutela. Berdin gertatzen da, eskala txikiagoan, ermita batzuekin. XVI, XVII, XVIII mendeetan Berriz elizate arrakastatsua eta egonkorra da, bertako mila biztanleak berrehun etxetan banatuta bizi direlarik, eta nekazaritzako lanak, errotakoak eta burdinolakoak egiten dituzte. Durangaldeko merindadeko lautik bat Berrizen bizi zen eta inguruko elizateetako biztanleek bertara ekartzen zuten euren ehoketa. Antzerako zerbait-proportzio txikiagoan gertatzen zen burdinolekin. Zazpi dokumentatzen dira. Berrizkoak eta Arriakoak ahaide nagusien boterea islatzen dute. Olazarre eta Olabarriakoak Modernotasunaren indarra erakusten dute. Gainontzekoak, manufaktura metalikoen eskaera zela-eta, burdinola bihurtutako errota zaharrak dira (luberriketarako nekazaritza tresnak, kanpaina inperialetarako armamentua, espedizio atlantikoetarako itsas-tresnak...). Ikuspegi instituzionaletik, leinu bandokideek elizatean diraute, baina berarengandik banatzen doaz hiriko munduarekin harremanetan jartzeko. Berriztarrek, ezkontzak direla-eta, XVI. mendean Ganboa abizena eta XVII.ean Villarreal abizena hartzen dutenak, parrokiako diezmoak hartzeko eskubidea izaten jarraitzen dute, baina 1650etik aurrera, Lekeitiora doaz bizi izatera. Lariztarrek ere bide bera hartzen dute. Arriatarrek bakarrik jarraitzen dute euren orubean, baina antzinako jauntxoen agintaritza nekazal nobleen itzalpean geratzen da. Hauek, errota eta burdinolen berotan aberastuta, elizateko kargu publikoak monopolizatzen dituzte.