Historia

 

XVIII. mendearen amaieran, erregimen foralaren apurketa dator. Goi mailako aberatsak izaera kapitalistadun zirkuitu komertzialetan jartzen ditu bere irabaziak, eta elizateko marko autarkikoa zatitan desegiten da. 1704an, bizilagun gehienak, %72, euren etxeen jabe ziren. 1799an %52 baino ez dira. Giza baldintzen eskastea luberriketan ere igartzen da, gero eta urrunagoak eta kalitate eskasagokoak, onenak ahaltsuenen eskuetan daudelarik. Beherantz doazen nekazal etekinen progresioa eta ingeles industri forjaren konpetentziak, sendo eta merkeagoa, elizatea txirotasunean eta giro desatseginean murgildu zuen. Konbentzioaren kontrako gerrak, Independentziarenak eta Karlistadek, inguruko bandidajeari irteten lagunduko diote. Baina era berean, Udaletxeko diru-kutxak hustuko dituzte agudo, eta gerra egoerari aurre egiteko baliabideen faltan, kofradiek enkanteetan saldu beharko dituzte lur komunalak, nekazal masaren bizi irauteko azken itxaropena. Normala denez, baserritar dirudunak, egoera hartan dirua zeukaten bakarrak, izango dira desamortizazio prozesuaren onuradun nagusiak. Eta XIX. mendeko bigarren erdiko eta XX.aren hasierako panorama hauxe da: nekazariek zailtasun handiak dituzte jabeari errenta ordaintzeko eta baldintza txarretan bizi irauten dute. Gazteentzat, irteerarik onena emigrazioa da.