Gaur egun elizatea kokatzen den lurreko gizakien lehen zantzuak aro megalitikokoak dira. Iturzuriaga eta Ama Birjinen Basoko dolmenak eta Ipinarrietako tumuluak dira, Oizen hegaletan, eta gure aroko bigarren milurtekoaren aurreko herri nomadenak dira, Berrizko mugetatik at ere mugitzen baitziren. Nekazal teknikak ikastean, tribu eran eratutako talde hauek sakabanatutako asentamentu txikiak kolonizatzen joango dira. Paisaiaren antolakuntza honen irudirik zoragarriena udalerriko ermiten zerrenda da. XVIII. mendearen amaieran hamabost aipatzen dira: Andikoako Andra Mari, Okangoko San Miguel, Olakuetako San Antonio, Mendibilgo Sallobente, Murgoitioko San Juan Bautista, Isunzako San Pedro, Urdaiagako Igokundea, Gorlizko San Kristobal, Zengotitako San Juan Bautista, Gerediagako San Martin, Berrizko San Pedro, Amezuako San Jorge, Lasuengo San Martin eta Eituako San Fausto.
Basagutxi Beaskoa baserria
Euretariko batek ere ez du 1500. urtea baino lehenagoko eraikuntza elementurik, baina kontuan hartu behar da era honetako eraikinak, kristauen aurreko kultu lekuetan egiten zirela. Izan ere, Murgoitio eta Berrizkoan astro-sinbolodun lorratzak dokumentatzen dira, eta Andikoan ezaugarri berdinekin agertu zena XI. mendekoa da. Denbora joan ahala, sakabanatutako nukleo horiek batuagoak egiten dira. XII. mendean parrokia eraikitzen da, eta inguruko gune txikiak nukleo neuralgiko honen pean geratuko dira; beraz, XV. mendean sei kofradia edo auzo baino ez daude elizatean: Sarriá, Andikoa, Mendibil, Okango, Eitua eta Murgoitio. Instituzio batuketa guneko klanik boteretsuenaren ardurapean egiten da, Berrizkoena. XI. mendearen erdian Berrizko Aznar Sanchez hipotetiko bat dokumentatzen da Nafarroako monarkiaren agindupean merindadea gobernatzen duten Durangoko kondeen zerbitzupean. Gipuzkoako ibar eta Arabako lautadak bezala, XII. mendearen amaieran Gaztelako koroaren menpean geratuko da, eta Berrizko leinua orbita berri honetan sartzen da Harokoen (Bizkaiko jauntxoak) bitartez. Normala den bezala, elizateak 1000. urtetik aurrerako ekonomia eta demografiaren bultzada handian hartzen du parte, eta ez da XIII. mendera arte gelditzen. Baina XIV. mendean, nekazal errentek kolpera egiten dute atzera, eta leinu feudalen oinarri ekonomikoak ahultzen dira. Segituan hedatzen da nobleen bandoen arteko harrapaketa eta borroka. Bizkaian, Mujikatarrak dira Oñaz bandoko buru, eta Abendañotarrak (hegoaldean) Ganboa bandokoak. Durangaldeko merindadeko leinurik gehienak, (Berriz, Unda, Etxaburu, Urkiaga, Muntxaraz, Marzana...) Abendañotarren bandokoak dira. Zaldibartarrak bakarrik (Berriztarren etsai amorratuak) sartzen dira Mujikatarren bandoan. Apurka-apurka, klan hauek monarkiak herriko elizetako diezmoak kobratzeko ahalmena ematea lortzen dute, ordura arte Erregerenak zirenak, eta eskubide hau izango da euren diru-sarrera onbideratuena. 1353an, Berrizko Rodrigo Ganboako bandoko nagusien artean dago. Hogeita hamar urte beranduago, bere seme Berrizko Juan Ruizek elizateko diezmoen usufruktua lortzen du. Kate genealogikoko hurrengo begiak, Berrizko Rodrigo Ibañezek, tenploaren gaineko patronatoa baiezten du 1416an. Eta honen seme Berrizko Ochoa eta Pedro Ruizek Abendañotarren aliatu nagusi izaten jarraitzen dute 1442an. XV. mendean, monarkia, euren artean borrokan dabiltzan ahaide nagusi hauen gainean jartzen ahalegintzen da. Batzuetan kanpoko etsaiaren aurka (musulmanak) bideratzen ditu energiak, eta kanpaina deigarriak egiten ditu Granadako erreinuaren aurka. Hor sartzen da Berrizko Ochoa Lopez leinuko zehar-adar bateko kidea, 1410ean Antequera hartzean nabarmentzen dena. Zentzu horretan, ohikoa da XV. mendean Berriz leinuko ondorengoak aurkitzea Cordoba, Jaen Ecija, Granadako Alhama eta beste leku batzuetan udal karguak betetzen. Trastámarak zerbitzu militarrengatik egindako mesedeak dira. Baina monarkiak erabilitako estrategia nagusia herri xumearekin batzea izan zen, jauntxo feudalei aurre agiteko. Nekazariak aspertuta zeuden lursail amankomunak eman eta gehiegizko zergak ordaindu beharraz, eta gustura lagundu zuten dorre bandokideak botatzen. Ahaide nagusiek berriro planteatu behar izan zituzten gizarte kontroleko egiturak eta oinarri ekonomikoak hiri merkataritza eta estatu modernoan kargu publikoak betetzera bideratu behar izan zituzten. Eta nekazariak, batez ere ondo bizi zirenak, indartuta atera ziren Behe Erdi Aroko krisitik, etorkizunean kaparetasun unibertsala bermatuta baitzeukaten, hau da, klanetako buruen aurrean berdintasun juridikoa, eta Elizan, administrazioan, ejerzitoan edo Mundu Berrian karrera egin nahi zutenei ate asko irekiko zizkion nobleen estatusa.
 |
 |
| Lariz Dorretxea |
lehioa |
Elizatean dokumentatzen ziren hiru dorre bandokideak, Berrizkoa, Larizkoa eta Arriakoa, errenazimenduko jauregi bilakatzen dira XVI. mendean. Horrela heldu dira gaur egunera arte azken biak. Berrizkoa klabe eklektikoan berreraiki zuten XX. mendearen hasieran. Olakuetako Berrizbeitia jauregia ere aipatzeko modukoa da, 1572an aintzinako leinu feudaleko ondorengo batek eraikia. Paraleloki, nekazaritzako sektore ahaltsuenari dagozkion baserriak agertzen dira: Isunza, Onandia Zalduene, Ormaetxea... XVI. mendea ekonomia aldetik ona da. Horren froga bat da auzakideek tenplu erromaniko zaharra berriztu eta errenazimenduko beste bat eraikitzen dutela. Berdin gertatzen da, eskala txikiagoan, ermita batzuekin. XVI, XVII, XVIII mendeetan Berriz elizate arrakastatsua eta egonkorra da, bertako mila biztanleak berrehun etxetan banatuta bizi direlarik, eta nekazaritzako lanak, errotakoak eta burdinolakoak egiten dituzte. Durangaldeko merindadeko lautik bat Berrizen bizi zen eta inguruko elizateetako biztanleek bertara ekartzen zuten euren ehoketa. Antzerako zerbait-proportzio txikiagoan gertatzen zen burdinolekin. Zazpi dokumentatzen dira. Berrizkoak eta Arriakoak ahaide nagusien boterea islatzen dute. Olazarre eta Olabarriakoak Modernotasunaren indarra erakusten dute. Gainontzekoak, manufaktura metalikoen eskaera zela-eta, burdinola bihurtutako errota zaharrak dira (luberriketarako nekazaritza tresnak, kanpaina inperialetarako armamentoa, espedizio atlantikoetarako itsas-tresnak...). Ikuspegi instituzionaletik, leinu bandokideek elizatean diraute, baina berarengandik banatzen doaz hiriko munduarekin harremanetan jartzeko. Berriztarrek, ezkontzak direla-eta, XVI. mendean Ganboa abizena eta XVII.ean Villarreal abizena hartzen dutenak, parrokiako diezmoak hartzeko eskubidea izaten jarraitzen dute, baina 1650etik aurrera, Lekeitiora doaz bizi izatera. Lariztarrek ere bide bera hartzen dute. Arriatarrek bakarrik jarraitzen dute euren orubean, baina aintzinako jauntxoen agintaritza nekazal nobleen itzalpean geratzen da. Hauek, errota eta burdinolen berotan aberastuta, elizateko kargu publikoak monopolizatzen dituzte.
XVIII. mendearen amaieran, erregimen foralaren apurketa dator. Goi mailako aberatsak izaera kapitalistadun zirkuitu komertzialetan jartzen ditu bere irabaziak, eta elizateko marko autarkikoa zatitan desegiten da. 1704an, bizilagun gehienak, %72, euren etxeen jabe ziren. 1799an %52 baino ez dira. Giza baldintzen eskastea luberriketan ere igartzen da, gero eta urrunagoak eta kalitate eskasagokoak, onenak ahaltsuenen eskuetan daudelarik. Beherantz doazen nekazal etekinen progresioa eta ingeles industri forjaren konpetentziak, sendo eta merkeagoa, elizatea txirotasunean eta giro desatseginean murgildu zuen. Konbentzioaren kontrako gerrak, Independentziarenak eta Karlistadek, inguruko bandidajeari irteten lagunduko diote. Baina era berean, Udaletxeko diru-kutxak hustuko dituzte agudo, eta gerra egoerari aurre egiteko baliabideen faltan, kofradiek enkanteetan saldu beharko dituzte lur komunalak, nekazal masaren bizi irauteko azken itxaropena. Normala denez, baserritar dirudunak, egoera hartan dirua zeukaten bakarrak, izango dira desamortizazio prozesuaren onuradun nagusiak. Eta XIX. mendeko bigarren erdiko eta XX.aren hasierako panorama hauxe da: nekazariek zailtasun handiak dituzte jabeari errenta ordaintzeko eta baldintza txarretan bizi irauten dute. Gazteentzat, irteerarik onena emigrazioa da.
XX. mendeko lehen hamarkadetan industri arloa pizten da. Errota zaharrek ezin diete hirin fabrikei aurre egin, eta euretariko batzuk zentral elektriko txiki bihurtu eta metalurgi tailerrei laguntzen hasten dira (ez dute zerikusirik antzinako burdinolekin). Bizi baldintzak hobetuz doaz apurka, baina 1957 inguruan, Berrizko bi mila biztanleen %92 lehen sektorean ari zen lanean. Hogei urte beranduago, panorama erabat desberdina zen. Biztanleria bikoiztu egin zen, batez ere kanpotarrak etorri zirelako, Olakueta bihurtu zen udalerriaren erdigune behin betiko (errepideak eta tranbideak animatutako auzoa), biztanleen %67 industri sektorean zebilen, eta %8 bakarrik geratzen zen nekazal munduari lotura. Azkenik, mendeko azken hamarkada bietan, Berrizek beste metamorfosi bat izan du, industriak behera egin baitu zerbitzuen eta komunikabideen sektorearen mesedetan.
Harmarria. Berriztarren sortetxeak ondoko harmak dauzka: Ezkutu ebakia 1a zilarrezko zelaian, gorri eta lili-oriztatuzko gurutze hutsa, eta 2a jakelado urdin-ilun eta gorria eta erdikaldeko buruzagiaren lau jakelak, punta eta alboak urrezko lili lore banarekin. Harma hauek berauek beretu zituen Elizaldeko Udalak geroago adieraziko ditugun hainbat arrazoi historikoengatik. Harma hauei jaun-kasketa eta zelaiaren kolore bereko lanbrekinak dagozkie, eta aurreko honi beste hau gaineratzen dio Estanislao Jaime de Labayruenek bere “Historia de Bizkaia” deritzon liburuan: ikur gisa eta zimanaren gainean egokiturik, erbitxakur-buru bat, kolorea zikidurik eta urrezko iduneko bat duena.
SEME ALABA OSPETSUAK. Iragan denboretan nabarmendu izan ziren gizon ospetsuen jaioterria izan da Berriz, batzu elizan izandako ardurengatik, bestetzu arte eta zientzietan eta are harmetan ere erdietsiriko mailarengatik. Besteak beste direla, aipatu Otxoa Lopez Berrizeko dugu, Juan Bautista Zuazako eta Gomendio (1633-1679) Salamancanko Unibertsitateko Kanon-irakalea, Juan Bautista Iturriozaga eta Asategui, Felipe V erregearen Laguntzailea, Pedro Bernardo Villarreal Berrizeko eta Saez Andikonakoa. Juan Vicente Zengotitabengoa eta Ariñoko monsignorea, San Juan de Puerto Ricoko arzapezpikutegiko burua izandakoa. On Martin Uribeko eta Anbedibar Mallagarayko. On Juan Ramon Iturrizako eta Garatze-Zabalak, 1741ean jaiotakoak, zenbait hiztegi idatzi zituen, “Manual del Cristiano” deritzan esku-liburua eta “Antigüedades de Bizkaia” deritzan 12 liburuko bilduma. Azken hauetaz balitu zen “Historia de Bizkaia” deritzona idatzi ahal izateko. Bernardo Gabiola eta Lazpita, Berrizeko San Lorenzo auzuneko “Karteruena” deritzan etxean jaio zen 1880an. Musika-giroan hezirik, Bernardok Madrileko Erret Musika-Kontserbatorioko Organo-katedra erdietsi zuen. Kontzertu-emaile eta maisu handia izan zen eta 1941ean Berrizeko seme kuttuna izendatu eta, geroago, beronen izena eman zioten kale bati. Azkenik, Margarita Marturanako serora aipatuko dugu, 1884ean Bilbon jaio izanik ere, neskatoa zelarik Berrizera etorri zena. Bertan here egintzak burutu eta herriaren izena mundu guztian ezagutarazi zuen. Berrizeko misiolari-izpiritua hedatu zuen mundu guztian barrena, Berrizeko “Madres Mercedarias Misioneras” deritzanaren sortzaila izan zen eta 1934ean hil zen.